XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauza batek artegatzen gitu.

Pierre-k bere kantuetan bere aitetamak zikintzen ditu egin-ahala: aita auzilari zikoitz bihotz gabetzat dauka, herrak derabilana; amaz dio itsuski: amak idor bihotza bai eta thitia.

Bizkitartean Pierre dute biek primutzat hautatu eta ez Marie-Anne, hau zelarik bada adinez gehiena.

Gure iduriko bada hor xuxen ez doan zerbait.

AMODIOA ALA PRIMANTZA Topet-eko osaba, Pierre-n aitatxi edo goxaita, frango aberatsa zen.

Haurrik ez baitzuen, 1804-ean bere ontasunak ordenuz utzi ziozkan Jean Topet bere anaia Etxahuneko nausiari.

Bereziki hiru etxalde: Topet, Champagne eta Arbispe.

Arartekoz horiek behar zaizkon heldu Etxahuneko premuari, amaren dotea zen Bedekaratziarekin.

Gisa hortan ezagutzen ditugu kobletan aipu diren bortz etxalde famatuak.

Bainan premu-gaiak Marie Rospide-kin bazaukan amodioa aintzinatuxegi zen: 1805-eko otsailaren 27-an Jean Rospide ttipi bat sortu zen Etxahunian.

Pierre-k nahiko zuen neskatoarekin ezkondu.

Etxekoek ordea zioten, desohorez ere, ez zela holakorik behar; hauta zezala: ala maitea, ala primantza.

Hamahiru ilabetez ez adituarena egin zuen, ustez-eta denborarekin bazterrak jabalduko zirela.

Ba, zera... Huna nun mehatxuak obratzen hasten diren: 1806-eko apirilaren 16-an goxaitak ezeztatzen du bere lehenbiziko ordenua eta bere ondoko osotzat izendatzen Joseph Topet, Jean Topet-Etxahunen hirugarren semea.

Aldi huntan bertsulari gaztea ohartzen da ez dela probetxurik: ez baditu Etxahunia eta Bedekaratzia ere galdu nahi, bertze hiru etxaldeak bezala, amor eman behar du bihotza erdiraturik, Marie Rospide bere haurrarekin uzten du alde bat.

Gutik ere egin zuen ez baitzuen Etxahunek fin gaixto egin memento txar hortan.

Orduantsu ontu zituzken Urtx'aphala-ren kantuak, bi amorosen despeitze etsigarri samina aipatzen baitute.

Haren lehen bertsuetarik ditazke.

EZKONTZA ETA ETXEKO TIRA-BIRA Etxekoek neskatila pobrea baztertu-eta, ez dute Pierre hortan utziko: bortxatuko dute Engrampacirc;ce Pelento-rekin ezkontzerat: andere hori bi urtez zaharragoa zen gizon-gaia baino, bainan Etxahunerat amodio guti ekartzen bazuen ere, haren dotea polliki estimatua zen: orduko 3415 libera, heldu baita oraiko 12.977 libera berri.

Elizan ezkondu ziren Barkoxen 1808-ko buruilaren 27-an.